SA-2014-kronika-uztailak-31



 SA-2014-kronika-uztailak-31

Orain arte jarraitu gaituen irakurle horri:

10 egun zirraragarrien ostean iritsi da mingain azpian zapore mingotsa jartzen digun eguna… Iritsi da agur t’erdi esateko eguna… Eta baita hemen bizi izandako guztia gogoratzeko eguna…

Gezurra dirudi baina jada 10 aldiz altxatu da eguzkia San Asensiora iritsi ginenetik eta noski 10 aldiz agurtu gaituzte izarrek gauero. Izarrez jositako gauak, ilusioz jositako bihotzetan.

San Asensiok mila sekretu gordeta zituen guretzat eta poliki-poliki horiek guztiak aurkitzen Joan gara.

Egunez egun musikaren irriak esnatzen gintuen eta lehen gauza tripako orroak asetzeko gosari bikaina. Goizeko erronkak gainditu ondoren freskura usaina zuen igerilekuan sartzen ginen (seguruenik gutako batzuk oraindik ere ilearen puntan freskura puntu hori somatzen arituko gara). Bazkalostean izaten genuen garaia… Nolabait esateko “momenturik lasaiena” izaten zen: mahai jokoetan murgildu, berezia den norbaiti barne-posta politten bat idatzi…Eta berriro ere akziora salto egiten genuen afalaurreko bainuaren zai, noski. Afal orduan goizeko gosariko neke aurpegiak zertxobait errepikatzen ziren baina argi geneukan gauak bazuela guretzat zerbait gehiago gordeta. Gaubelaren magiak hartzen gintuen denak izarrak ateratzearekin bat… Begiak isten joaten ziren arte…Ordun lotara joaten ginen goxo-goxo hurrengo egunaren zain.

Dena dela etxera bueltatzea tokatu zaigu jada, gurasoei ongi etorri azkar bat egin ostean ia denak joan ginen begiraleen bila, batzuk guztia eskertzeko asmoz, beste batzuk haien aurtengo azken besarkadaz gozatzeko asmoz… Baina ia gehienak haienganako izarretarainoko mirespen hori adierazteko asmoz.

Ohea omen da etxetik kanpo zaudenean faltan botatzen duzun lehen gauza eta benetan diotsuet nire kasuan halaxe dela. Hala ere jakizue oherik okerrenean ere ni neu eta gutako asko San Asensiora bueltatuko ginatekeela beste zenbait egunez…

Askok malkotan esan diogu agur t’erdi San Asensiori baina jakizue hurrengo urtean ere udaleku hauetako ilusioak gure bihotzetan jarraituko duela.

Mikelek dio gauen egin daitekeen gauzarik oberena behatzak bata bestearekin ukitu eta udalekuetan egindako guztia gogoratzea dela… Eta beraz kaso egingo diogu behatzak bata bestearekin ukitu eta guztiaz gogoratuko naiz.

Mila esker beraz egun hauetan ilusioa piztu diguzuen horiei, begirale nahiz haur…Honek betirako iraungo baitu.

Hurren arte

“Miss Idazle”